partekatu
• ERDI AROKO AZOKA
Xacobea Erdi Aroko Azokak Lasarte-Oriako kaleak giroz eta tradizioz beteko ditu irailaren 19tik 21era
IX. edizioak ehun artisau baino gehiago bilduko ditu eta Brigiden Komentuaren 350. urteurrenarekin bat egingo du

Lasarte-Oriak denboran atzera egingo du irailaren 19an, 20an eta 21ean egingo den Erdi Aroko Xacobea IX. Azoka dela eta. Estatu osoko ehun artisau baino gehiago elkartuko dira azoka, kale-animazioa, zuzeneko musika, tailerrak eta familia osoarentzako ikuskizunak uztartzen dituen hitzordu finko honetan.
Azokaren aurkezpena gaur egin da prentsaurrekoan, eta bertan parte hartu dute Agustin Valdivia, alkateak, Ainara Elicechea Kultura zinegotziak, Asier Velasco eta Pedro Carrasco erakunde antolatzailearen ordezkariek.
Hiru egunez, kalejiraz, su ikuskizunez, antzerki emanaldiez, ipuin kontalariez, kontzertuez eta antzinako lanbideen erakustaldiez beteko da Lasarte-Oria: errementaritza, egur taila edo botika tradizionala, besteak beste. Gainera, haurrentzako gune tematikoak prestatuko dira, haientzat pentsatutako jolas eta jarduerekin ikasi eta gozatzeko.
Bisitariek artisau-produktuak ezagutu eta erosteko, garai bateko zaporeak dastatzeko eta Erdi Aroko giroan murgiltzeko aukera izango dute, garai hartako kanpamendu eta kaleetako bizitza birsortzeko.
Aurten, gainera, herriarentzat oso berezia den efemeride batekin bat egingo du azokak: Lasarte-Oriaren historian eta kultur ondarean funtsezko elementua den Brigiden Komentuaren 350. urteurrena.
Ainara Elicechea Kultura zinegotziak adierazi duenez, "Xacobea Erdi Aroko Azoka ezinbesteko hitzordu bihurtu da gure udalerriarentzat. Bisitariak erakartzeaz eta tokiko ekonomia dinamizatzeaz gain, gure auzokideei kulturaz, tradizioaz eta aisialdiaz espazio berean gozatzeko aukera ere ematen die".
Bestalde, antolatzaileen ordezkari Asier Velascok nabarmendu duenez, "Lasarte-Oriako azoka erreferentea da Erdi Aroko egutegian. Urtero ikuskizun eta tailerren eskaintza zabaltzen dugu, publikoak esperientzia ezberdin eta parte-hartzailea bizi dezan. Aurten, gainera, Brigiden Komentuaren urteurrenarekin bat etortzeak balio sinboliko eta ondarezko handia eransten dio".
Lasarte-Oriako Erdi Aroko IX. Xacobea Azoka Erdi Aroko magia berpizteko, familian gozatzeko eta artisautzaren eta herri-kulturaren aberastasuna ezagutzeko aukera berri bat izango da, Brigiden Komentuaren 350. urteurrenaren ospakizunak markatutako urte honetan.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala