partekatu
• LIBURU TXIKI KLUBA
Udalak txikitatik irakurzaletasuna sustatzearen aldeko apustua indartu du “Liburu Txiki Kluba” programarekin
Ekimena gaur aurkeztu da Villa Mirentxun, eta haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzen duen udal estrategia zabalago baten barruan kokatzen da.
Lasarte-Oriako Udalak “Liburu Txiki Kluba” programa aurkeztu du gaur goizean Villa Mirentxun, Udaleko Gizarte Zerbitzuen egoitzan.
Prentsaurrekoan, Lourdes Acevedo Beldarráin Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko, Garapenerako Lankidetzako eta Osasuneko zinegotziak, Maite Iglesias Sánchez Hezkuntza eta Gazteriako zinegotziak eta Ana Molina Mestiza Elkartearen ordezkariak parte hartu dute. Elkarte hori proiektuaren garapenean erakunde laguntzailea da.
Aurkezpenean, udal arduradunek azpimarratu dute programa hau Udala haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko garatzen ari den lan-ildo zabalago baten parte dela.
Ildo horretan, gaur egun herritarren artean harrera ona izaten ari diren bi ekimen elkarrekin bizi direla nabarmendu dute. Alde batetik, “Liburu Txiki Kluba”, Haur Hezkuntzako neska-mutilei zuzendua beren familiekin batera, eta ikastetxeetan garatzen dena Mestiza Elkartearekin elkarlanean. Bestetik, “Liburu Baby Kluba” programa, 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendua, larunbatero Udal Liburutegian modu jarraituan egiten dena.
“Ekimen hauekin adin tarte zabal bat betetzen dugu, bizitzako lehen hilabeteetatik hezkuntza sistemaren hasierako etapetara, irakurketa garapen pertsonal eta komunitarioaren funtsezko tresna gisa kokatzen duen ibilbide koherentea sortuz”, adierazi dute.
“Liburu Txiki Kluba” programa HH3, HH4 eta HH5eko ikasleei zuzenduta dago, eta irakurketaren inguruko espazio inklusibo eta parte-hartzaile gisa planteatzen da, narrazioa, sormen jarduerak eta talde dinamikak uztartuz. Saioek 45 minutuko iraupena dute, eta irakurketa partekatua, eskulanak eta hausnarketarako guneak biltzen dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Lehenengo saioak Sasoeta eta Landaberriko ikastetxeetan egin dira, non ikasleek aktiboki parte hartu duten eskola-ordutegiaren barruan programatutako jardueretan. Datorren astean, beste urrats bat egingo du programak: gurasoekin saio bateratuak antolatuko ditu, eskolaren, familiaren eta komunitatearen arteko lotura sendotuz.
Udalak nabarmendu duenez, ekintza multzo horrek ikuspegi estrategiko bati erantzuten dio, eta kultura eta irakurketa politika publikoen erdigunean jartzen ditu, ez bakarrik hezkuntza-tresna gisa, baita gizarte-kohesiorako, aukera-berdintasunerako eta inklusiorako elementu gisa ere.
Era berean, azpimarratu dute ekimen horiek bat datozela Garapen Iraunkorreko Helburuekin, batez ere kalitatezko hezkuntzari, berdintasunari eta desberdintasunak murrizteari dagokienez, eta haurren eta gazteen garapen integralarekiko udal-konpromisoa sendotzen dutela.