Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   EUSKARALDIA

Lasarte-Oriak konpromisoz eta aniztasunez betetako ekitaldi hunkigarri batekin eman dio hasiera 2025eko Euskaraldiari

Hamaika eguneko konpromiso kolektiboa euskararekin.

1 / 2
1. argazkia

Lasarte-Orian hasi zen 2025eko Euskaraldia, emozioz, sinbolismoz eta herritarren parte-hartzez betetako hasiera ekitaldiarekin. Adin guztietako pertsonak gerturatu ziren, eguneroko bizitzan hizkuntza ohiturak eraldatu eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimen honi babesa adierazteko.

Irekiera bereziki esanguratsua izan zen. Semblante Rociero taldeko kideek Txoria Txori abestu zuten, euskarak "ahotik belarrira hegan egiteko" eta hizkuntza librea izateko desio partekatua gogora ekarriz. Metafora musikala publikoaren artean zabaldu zen eta ekitaldiaren tonua markatu zuen.

Jarraian, herrian bizi diren hainbat komunitatetako ordezkariek hartu zuten hitza: Carlos Blancok Semblante Rociero Andaluziako komunitatean jatorrizko pertsonak ordezkatzen dituen taldearen izenean, David Peñak Galiziako komunitatearen izenean eta Mark Bagesek Kataluniakoaren izenean. Guztiek gogotsu animatu zuten Euskaraldiarekin bat egitera, euskara ere elkarbizitzatik eta elkarrenganako errespetutik eraikitzen dela erakutsiz.

Ekitaldian zehar, elkarte eta kolektibo lasarteoriatarren atxikimendu bideoak proiektatu ziren, ekimenak duen babes sozial zabalaren isla. Une nagusia Agustin Valdivia alkatearen eta Estitxu Alkorta Euskara zinegotziaren hitzaldiekin iritsi zen: "Pertsona bakoitzak bere lekutik egin diezaioke ekarpena euskarari, eguneroko keinu eta konpromiso txikiekin", azpimarratu zuten.

Euskaraldia 2025 Bideo Laburren Lehiaketako lan irabazleen berri ere eman zuten, euskarak sortzen duen kemenaren erakusgarri sortzailea:

  • Banaka edo binaka (5 lan aurkeztu dira):
    • Bideo bozkatuena: Korrikak merezi du
    • Epaimahaiaren saria: Euskaraldiko Rumba
  • Familia kategoria (6 lan aurkeztu dira):
    • Bideo bozkatuena: Euskararen bila
    • Epaimahaiaren saria: Badator Euskaraldia
  • Taldekakoa (14 lan aurkeztu dira):
    • Bideo bozkatuena: Pausoka eta poliki ametsa egiten
    • Epaimahaiaren saria: Gurasotegiko amak

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak (Publikoaren Saria) eta Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Inma Muñoak (Epaimahaiaren Saria) banatu zituzten sariak.

Ekitaldiari amaiera emateko, Euskaraldiaren txapak jarri zituzten kolektiboki, partaide bakoitzaren konpromiso indibidualaren sinbolo. Aurkezleak, agurtu aurretik, emozioz gogoratu zuen:

Eta orain bai, iritsi da txapak soinean ipini eta Euskaraldia hasteko unea.

Hamaika egun ditugu aurretik, baina zer da hori maratoiak elkarrekin korritzera ohituta dagoen herriarentzat?

Gogoratu, gainera: guk abantaila txikia dugu. 2016an, armairutik atera ginen urtean, izan ginen Ahobizi eta Belarriprest.

Euskaraldia sortu baino bi urte lehenago herri honek munduari erakutsi zion hiztunok betiko inertziak eta hizkuntza ohiturak alda ditzakegula.

Ekinean jarraitzen dugu, eta hauxe da unea gure konpromisoa berresteko.

Hizkuntza aktibazioko 11 egun hasi dira horrela Lasarte-Orian, eta Ahobizi eta Belarriprestek kaleak, espazio publiko eta pribatuak hartuko dituzte berriro, euskara hizkuntza gero eta biziago, askeago eta partekatuago bihurtzeko.

Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala