Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   MUGIKORTASUNAREN ASTEA

Lasarte-Oriak Mugikortasunaren Aste berria ospatuko du, desplazamendu jasangarriak sustatzeko jarduerekin

Irailaren 22tik 26ra bitartean, Lasarte-Oriak doako hiri-garraioa, kaleko jarduerak, martxa nordiko inklusiboa eta bigarren eskuko bizikleta eta patineteen azoka eskainiko ditu.

1. argazkia

Lasarte-Oriak irailean bat egingo du berriro Europako Mugikortasunaren Astearekin, “Mugikortasuna pertsona guztientzat” lelopean hilaren 22tik 26ra bitartean egingo diren jardueren programarekin. Ekimenak joan-etorrietarako ohitura iraunkorragoak sustatu nahi ditu, eta arreta oinezko ibilbideetan, bizikletaren erabileran eta garraio publikoan jarri nahi du.

Agustin Valdivia Calvo alkateak aurkeztu du programazioa, eta udalerriko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen mugikortasun-eredu baterantz aurrera egitearen garrantzia nabarmendu du. “Egunero desplazatzeko hartzen ditugun erabakiek eragin zuzena dute gure inguruan. Lasarte-Orian mugitzeko alternatiba erosoak, osasuntsuak eta irisgarriak aurkitzera animatu nahi ditugu herritarrak”, adierazi du.

Lehenengo ekitaldia irailaren 22an izango da. Egun osoan zehar, Manttangorri hiri-autobus zerbitzua doakoa izango da erabiltzaileentzat. Ibilgailu erabat elektrikoa da, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta dago. Udalerriko hainbat punturen arteko loturan funtsezko funtzioa du, eta ibilgailu pribatuaren erabileraren alternatiba iraunkor gisa aurkezten da.

Jarduera gehienak irailaren 25ean, ostiralean, izango dira. 11:00etan Udaletxeko arkupetatik abiatuko da Ondo ibili! ekimena, batez ere adineko pertsonei zuzendua eta modu erregularrean ibiltzeko ohitura sustatzeko sortua. Jarduerak jarraipena izango du aste honetatik aurrera, eta aldian-aldian egingo da.

Arratsaldean, 16:30etik 20:00etara, bigarren eskuko bizikleta eta patineteen azoka egingo dute Okendo plazan. Proposamenari esker, egoera onean dauden mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak saldu eta erosi ahal izango dira, berrerabiltzea bultzatuz eta bizitza baliagarria luzatuz. Bizikleta bat saldu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena.

Aldi berean, Okendo plazan eta Kale Nagusian familientzako hainbat jarduera egingo dira. Zirkuitu eta abilezia probak egongo dira bizikletekin, tailerrekin eta mugikortasun iraunkorrari lotutako aisialdi proposamenekin.

Ostadar SKTrekin elkarlanean antolatutako martxa nordikoarekin amaituko da udal programazioa. Irteera 18:00etan izango da, Okendo plazatik, eta herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Alderdi nabarmenetako bat inklusiboa izatea da, itsuek ere parte hartu ahal izango baitute.

Foru Aldundiak Mugikortasunaren Asteko jarduerak osatu ditu

Udalak antolatutako egitarauarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ere hainbat jarduera prestatu ditu Lasarte-Orian, Europako Mugikortasunaren Astea dela eta.

Irailaren 18an (ostirala), 16:00etatik 20:00etara, Andatza plazan ‘Jarri prest zure bizikleta MUGI txartelarekin’ ekimena izango da. Furgoneta-tailer batek bizikleten oinarrizko azterketa eta konponketa doako zerbitzua eskainiko die MUGI txartela aurkezten duten pertsonei. Horrez gain, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak laguntza eskainiko die MUGI txartela eskatu nahi dutenei.

Berritasun gisa, Lasarte-Orian ‘Misterioa Topo Expressen’ ere izango da, 15 eta 20 minutu arteko escape room bat, modu ludikoan, batez ere gazteen artean, garraio publikoaren erabilera, MUGI sistemaren abantailak eta balioak eta mugikortasun autonomoagoa hurbiltzea helburu duena.

Jarduera horietan parte hartzen dutenek, gainera, bi bizikletaren eta 20 euroko 60 kargaren zozketan parte hartu ahal izango dute.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatuak azpimarratu duenez, “mugikortasun iraunkorrago baten alde egitea ez da ingurumen-kontu bat soilik: justizia sozialaren eta aukera-berdintasunaren kontu bat ere bada”. Dominguezek azpimarratu duenez, garraio publikoak eta oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriek autonomia handiagoa ematen dute eta ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murrizten dute.

Ostiralerako, hilak 25, aurreikusita dauden udal jarduerak direla eta, Kale Nagusiko 1. eta 30. zenbakien arteko zatia trafikoarentzat itxita egongo da 16:00etatik 20:00etara.

Udalak, gainera, 8.500 informazio-diptiko banatuko ditu herriko etxeetan, eta 150 kartel jarriko ditu programazioaren berri emateko.