partekatu
• EUSKAL JAIA
2025eko Euskal Jaia jai herrikoi, parte-hartzaile eta jarraipena izateko bokazioarekin finkatu da
Udalak oso positiboki baloratu du aurtengo edizioa, eta parte-hartze arrakastatsua, jai giroa eta herriko eragileen inplikazioa nabarmendu ditu.
Lasarte-Oriako Udalak oso balorazio positiboa egin du joan den larunbatean, urriaren 18an, ospatu zen 2025 Euskal Jaiari buruz. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Agustín Valdivia alkateak, Estitxu Alkorta Euskara zinegotziak eta bigarren alkateordeak eta Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari batek parte hartzeko aurreikuspenak gainditu dituen eta udalerriko dozenaka elkarte, kolektibo eta boluntario inplikatzea lortu duen jardunaldiaren alderdi nabarmenenak berrikusi dituzte.
Erreferentziazko hitzordu bat finkatzea
“Uztaileko prentsaurrekoan aurreratu genuen bezala, gure helburua argia zen: Euskal Jaia finkatzea eta lasarteoriatarren agendan erreferentziazko hitzordu bihurtzea”, adierazi zuen Agustin Valdivia alkateak. “Hori lortzeko, konplizitateak batzea ezinbestekoa zela ere esan genuen. Udaletik beharrezko baliabide guztiak jarri ditugu, baina benetako arrakasta herriko, kulturako, gizarteko eta hezkuntzako eragileen erantzunean egon da. Guztira, kalkuluen arabera, 250 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute zuzenean jardunaldian, parte-hartzaileen eta antolatzaileen artean. Inplikazio hori da jai honen benetako motorra”.
Udalak proiektu honekin duen konpromisoa ere azpimarratu nahi izan zuen Valdiviak: “Udaleko arlo guztietatik norabide berean egin dugu arraun. Euskal Jaia apustu partekatua, transbertsala eta herritar guztiei irekia izan da”.
Oraina… eta etorkizuna dituen festa
Estitxu Alkorta Euskara zinegotziak zera azpimarratu nahi izan zuen: “Aurtengo emaitzak etorkizunera begira pentsatzera bultzatzen gaitu. Euskal Jaia finkatzea nahi badugu, jarraipena izan behar du. Esan dezakegu Euskal Jaiak jarraipena izango duela datozen urteetan. Udalaren konpromisoa irmoa da, eta lan egingo dugu hitzordu honek hazten jarrai dezan, bai edukian, bai parte-hartzean”.
Alkortak gogora ekarri zuenez, askotariko publikoarengana iristeko diseinatu dute jardunaldia: “Adin eta gustu guztietarako jarduerak antolatzen ditugu, jende guztia festaren parte sentitzeko pentsatutako eskaintza batekin. Emakume ekoizleen azokatik hasi eta Gozategiren azken kontzertura arte, tartean eragile euskaltzaleei egindako aitortza, Zikiro-jana, herri kirolak, kalejirak edo haurrentzako tailerrak… giro bikaina izan zen une oro”.
Zentzu horretan, Euskal Jaia ez dela festa bat soilik azpimarratu zuen: “Euskara eta gure kultura ikusarazteko tresna bat da, jai giro integratzaile eta parte-hartzaile batean. Sustraiak dituen ospakizuna da, baina etorkizunerako bokazioa duena”.
Parte hartze aktiboa eta hobetzeko erronkak
Antolaketan laguntzaile den Ttakun Kultur Elkartetik, funtsezko jarduera batzuen arrakasta azpimarratu zen, hala nola Dinagu azoka, Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizleen 25 postu baino gehiagorekin, edo Zikiro-Jana, ospakizuna baino egun batzuk lehenago eskuragarri zeuden 100 txartelak agortu zituena.
Ekitaldi nagusietan herritarren parte hartzea ere positibotzat jo zuten, hala nola, eragile euskaltzaleei aitortza ekitaldia, erraldoi eta buruhandiekin kalejira, txistulari eta txalapartarien kalejira, egun osoan zehar sortutako giroa eta Gozategi taldeak Okendo plazan emandako kontzertu jendetsuarekin amaiera borobila emateko.
Hala ere, hobetu beharreko alderdi bat ere aipatu zen: jendearen artean jantzi tradizionalen presentzia txikia. “Herritarrak baserritar jantziekin parte hartzera animatzen ditugu. Badakigu ohitura berriak finkatzeak denbora daramala, baina lanean jarraituko dugu betiko estetika ere ospakizun honen parte izan dadin”, adierazi zuten.
Arima kolektiboa duen ospakizuna
Udalak, Ttakunek eta herriko eragile ugarik (Lasarte-Oriako Txistulari Taldea, Pontxo eta Tomax txalapartariak, Xumela, Intza Pilota Elkartea, Telleria harri-jasotzaileak, Landaberri eta Sasoeta ikastetxeak, Ostadar SKT, LOZET, Tirrika Tarraka, Bertso Eskola eta Txaranga, besteak beste) elkarlanean jardun dute.
“Haiek gabe, Euskal Jai hau ez litzateke posible izango”, azpimarratu zuen Valdiviak amaitzean. “Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu edizio hau posible egin duten pertsona, elkarte eta erakunde guztiei. Urtero jai hau garenaren isla izan dadin lanean jarraituko dugu: herri bizia, parte-hartzailea eta bere nortasunaz harro dagoena”.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala