partekatu
• LAN-INGURUNEKO ONGIZATEA
Beterri-Buruntzak lan-inguruneko ongizatea hobetzeko prestakuntza bultzatzen du Lasarte-Orian
Urriaren 6an, 13an eta 20an egingo da ekimena, doakoa eta praktikoa, Antonio Mercero gunean, eta laneko estresa, emozioak eta harremanak kudeatzeko tresnak eskainiko ditu.
Lasarte-Orian “Lan ongizatea” izeneko prestakuntza egingo da urrian zehar, Beterri-Buruntza Mankomunitateak, Arbola Consulting-ekin elkarlanean, sustatutako ekimen berria, laneko egunerokotasunean sortzen diren erronka eta egoerei modu osasungarriagoan aurre egiten lagunduko duten tresna praktikoak errazteko helburuarekin.
Nuria Fernandez Castrillo Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia zinegotziak aurkeztu du ekimena prentsaurrekoan, Beterri-Buruntza Mankomunitateko ordezkari batekin batera. Aurkezpenean, ongizate pertsonala eta emozionala harremanei, eguneroko jardunari eta lan-esparruko zailtasunei aurre egiteko moduari eragiten dien elementu gisa txertatzearen garrantzia nabarmendu da.
Formakuntza urriaren 6an, 13an eta 20an izango da, 16:00etatik 19:00etara, Antonio Mercero gunean. Guztira bederatzi orduko iraupena izango du, aurrez aurreko hiru saiotan banatuta, eta doakoa izango da.
Egunerokotasunean aplikatzeko tresnak
Programak ikuspegi guztiz praktikoa proposatzen du. Helburua da parte-hartzaileek beren ongizateari eragiten dioten faktoreak identifikatzea eta beren jarduera profesionalean sortzen diren egoeren aurrean aplika ditzaketen baliabideak eta estrategiak eskuratzea.
Hiru saioetan zehar hainbat gai landuko dira, hala nola estresaren eta emozioen kudeaketa, norberaren beharrak eta mugak identifikatzea, arreta eta kontzentrazioa, ohitura osasungarriak eta komunikazioa eta harremanak hobetzea. Lan ingurunean zailtasun edo tentsio egoerei erantzuteko estrategiak ere landuko dituzte.
Metodologiak kasu errealak, banakako hausnarketa, talde-dinamikak, tresna praktikoak eta esperientzia bidezko ikaskuntza uztartuko ditu, parte-hartze aktiboa bilatuz eta edukiak parte-hartzaile bakoitzaren egunerokotasunera eraman ahal izateko.
Arbola Consulting-eko profesionalek emango dute prestakuntza. Hain zuzen ere, Silvia Sernak eta Jose Rodriguezek emango dituzte saioak, aurkeztutako programaren arabera.
Beterri-Buruntza Mankomunitatearen asmoa da, ekimen honen bidez, norberaren zaintza bultzatzea eta lan ongizatearen inguruko sentsibilizazioa handitzea, laneko ohiko egoerei modu osasungarriagoan aurre egitea ahalbidetuko duten baliabide zehatzak eskainiz.
Izen-emateak dagoeneko irekita daude proposamen berri honetan parte hartzeko, eta hiru arlo nagusitan jartzen du fokua: autoezagutza, kudeaketa emozionala eta harremanak eta helburuak.