partekatu
• EUSKAL JAIA
Aurreko edizioko arrakasta mantentzeko helburuarekin aurkeztu dute Euskal Jaiak-en egitaraua
Agustin Valdivia Calvo alkateak, Estitxu Alkorta Barragan Euskara saileko arduradunak, Ainara Elicechea Beitia Kultura saileko arduradunak eta Mari Karmen Ormazabal Ansa Ttakun Kultur Elkarteko lehendakariak irailaren 26an ospatuko den Euskal Jaiak-eko egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. Goizeko 9:30ean hasi eta 01:00ak arte, askotariko jarduerak izango dira herriko eragileen parte-hartze zabalarekin.
Irailaren 26an ospatuko den Euskal Jaiak ospakizuneko egitaraua aurkeztu dute Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Aurreko edizioko “arrakasta” errepikatzeko helburuarekin osatu dutela aurreratu dute prentsaurrekoan, eta, horretarako, iazkoan “harrera ona” izan zuten jarduerei “berriak” erantsi dizkiotela nabarmendu dute.
Nobedadeen artean aitortza ekitaldian euskara sustatzeagatik nabarmendu den elkarte, norbanako edo eragileei egingo zaion errekonozimendua aipatu du Agustin Valdivia alkateak “Euskararen Maratoiaren urtea dela kontuan izanda, aurten euskararen alde herrian egiten den ekimenak jasoko du aitortza. Eta asmoa da aurrerantzean beste elkarte, eragile edo norbanakori ematea”. Zurmailu Zurlanketa Elkarteak egingo duen Okerra harriaren erreplika jasoko dutela aurreratu dute.
Nobedadeen artean daude, era berean, Okerra harria txapelketa eta koadrilen arteko proba mistoa. “Lasarte-Oriako Euskal Jaiak-eko irudia okerra harria izanik, protagonismoa eman nahi izan diogu. Iaz erakustaldia egin genuen eta aurten lehen aldiz lehiaketa bat antolatu dugu, Donostiako Aste Nagusian Igeldo harriarekin egiten den bezala. Ea hemendik aurrera lehiaketa errotzea lortzen dugun”, azaldu du Estitxu Alkorta Euskara saileko arduradunak.
Herri-kiroletatik aldendu gabe koadrilen arteko Igo Euskal Jaiak Proba Mistoa egingo da. Zabaleta Auzoko irabazleek desafioa bota zuten eta dagoeneko hasiak dira taldeak animatzen. Eta beste inork parte hartu nahiko balu, kultura@lasarte-oria.eus posta helbidera idatziz egin beharko luke izen-ematea.
Azoka, herri-bazkaria eta musika
Nobedadeak alde batera utzita, aurreko edizioan arrakastatsuak izan ziren Euskal Herriko Emakume Sortzaile eta Ekoizleen azoka eta herri-bazkaria errepikatuko direla eman dute jakitera. “Dinagu kolektiboko sortzaileak Okendon izango ditugu, goizez; eta, herri-bazkarian zenbait aldaketa egin ditugu: aurten ez dugu zikiro-janik izango, eta haurrentzako menua eskainiko dugu”. Txartelak (helduak, 25 €; eta, haurrak, 15) irailean jarriko dira salgai eta bertan emango da menuaren berri.
Musikak protagonismo gehiago izango du aurtengo egitarauan: txistularien dianan, Alboka Abesbatzaren emanaldian eta ondorengo kantu-jiran, Andoni Ollokiegiren bazkalosteko saioan, arratsaldeko kale-jiran, dantza-saioan, Oaintxe in deu! txarangaren poteo musikatuan eta iluntzeko emanaldian. “Gaueko emanaldia bikoitza izango da. Gazte-jendeak iaz egindako eskaera kontuan hartuta, bi talde izango dira. Herenegun Donostiako reggea eta ska bandarekin hasiko gara eta Auskalo herriko erromeria-taldeak itxiko du egitaraua”, aipatu du Ainara ElicecheaKultura saileko arduradunak.
Herriko eragileekin
Aurten ere, egitaraua osatzeko herriko eragileekin elkarlanean aritu dira antolatzaileak. “Funtsezkoa da; iazko arrakastaren gakoetako bat izan zela argi daukagu eta aurten ere beraiekin batera osatu dugu egitaraua”, azaldu du Mari Karmen Ormazabal Ttakun K.E.ko ordezkariak.
Asko izan dira egitarauaren diseinuan parte hartu duten herriko eragileak: Lasarte-Oriako Txistulari Taldea, los txalapartaris, Alboka Abesbatza, Zero Sette, Zabaleta Auzolan, Earra Bertso Eskola, Oiarte, Ostadar, LOZET, Zurmailu, Tirriki Tarraka, Erketz Euskal Dantza Taldea, Plaza-dantza Taldea, Kukuka, Oaintxe in deu! txaranga eta Auskalo Taldea.
Parte-hartze zabal horrekin, “askotariko jarduerak antolatzeko gaitasuna” izan dute antolatzaileek. “Adin tarte eta publiko zabalera -jarraitu dute- iristeko aukera izango dugu. Gure aldetik, herritarrak animatu besterik ez zaigu geratzen. Eta, baserritarrez jantzita bada, askoz hobe. Ea iaz baino baserritar jantzi gehiago ikusten diren”, erantsi du.
Euskal Jaiak ez baita ospakizun festa batera mugatzen, “euskal nortasuna, euskal kultura eta gure hizkuntza, euskara, sustatzeko eta hauspotzeko erreferentziazko zita bihurtu nahi dugu”.
