partekatu
• MARTXOAREN 8a
Lasarte-Orian 2026ko Martxoaren 8ko kartel lehiaketa zabalik
Lehiaketak 12 eta 17 urte bitarteko gazteak artearen bidez berdintasunarekiko konpromisoa adieraztera animatzen ditu.
Lasarte-Oriako Udalak, Emakumearen Zentroaren bitartez eta Berdintasun Sailaren bultzadaz, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, martxoaren 8an ospatuko den kartel lehiaketaren edizio berri bat jarri du martxan. 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta sormena sustatzea, tokiko talentua ikusaraztea eta, batez ere, berdintasunaren eta aniztasunaren balioak txikitatik indartzea ditu helburu.
Aurten ere, udalerriko ikastetxeen laguntza izango du ekimenak. Izan ere, aktiboki parte hartu dute ikasleen artean lehiaketa zabaldu eta sustatzeko. "Funtsezkoa da gelak berdintasunaren inguruan hausnartzeko eta adierazteko espazioak ere izatea. Horregatik eskertzen dugu irakasleen inplikazioa, gazteak parte hartzera motibatzeko zubi lana egiten baitute", azpimarratu du Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako, Garapenerako Lankidetzako eta Berdintasuneko zinegotziak.
Bestalde, Maite Iglesias Emakumearen Zentroko koordinatzaileak gogorarazi du proposamenak aurkezteko epea otsailaren 2tik 26ra izango dela zabalik, eta formatu digitalean zein fisikoan entregatu ahal izango direla. "Teknika erabat librea da, baina kartel guztiek leloa izan beharko dute: ‘Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna’”, esan du.
Lanak martxoaren 2tik 9ra egongo dira ikusgai Emakumearen Zentroan, eta herritarrek ezagutu eta beren iritzia eman ahal izango dute bertan, bigarren eta hirugarren sariak emateko kontuan hartuko dena. Diseinuko langile tekniko eta profesionalek osatutako epaimahai batek aukeratuko du kartel irabazlea, Lasarte-Orian 2027ko Martxoaren 8ko irudi ofiziala izango dena.
Hiru sari banatuko dira:
- Lehen saria: 120 euro
- Bigarren saria: 90 euro
- Hirugarren saria: 60 euro
Udalak Lasarte-Oriako gazteei dei egiten die lehiaketa honetan parte har dezaten: "Gazteak jardunaldi honetan parte aktibo senti daitezen nahi dugu, beren ikuspegia eta sormena eman dezaten. Lehiaketa hau bere arrastoa uzteko modu bat da, eskubideak, justizia eta denontzako aukerak aldarrikatzen dituen data batean", amaitu du Lourdes Acevedok.
Oinarri osoak Emakumearen Zentroan kontsulta daitezke edo posta bidez eskatu emakumezentroa@lasarte-oria.eus . Udalaren webgunean ere eskuragarri egongo dira: www.lasarte-oria.eus .